ZER DA?
Apatx albaitaritza osteopatian edozein espezietako animaliekin lan egiten dut: txakur, katu, zaldi, behi, ardi, etab.
Mugikortasun arazoak, erraietako arazoak, portaeraren asaldadurak, ebakuntzen edota traumen ondoren sendatzen laguntzeko, etab.
 
			Albaitaritzako osteopatia saio batean teknika ezberdinak uztartu ohi ditut eta tratamendua, gorputz osoaren azterketa, lesio mota eta norbanakoaren araberakoa izaten da.
Tratamendu bakoitza berezia da, ez dira bi berdin. Sendaketarako, pazientea beraren baliabide fisiologikoak baliatzen dira, beraz animaliaren egoerak definituko du tratamendurako teknika; eta kasu guztietan, animalia entzunez eta berarekin elkarlanean egiten dut lan.
Albaitaritza osteopatiako tratamenduak organismoa sakonean hunkitzen du, beraz posible da ehunak mugitzea, emozioak azaleratzea, aspaldiko minak berpiztea… Horregatik saioaren ondoren animalia egun batzuez pausatzen utzi beharko da, egindako lana bere erritmora barnera dezan. Organismoak oreka berria progresiboki atxemanen du egun edo aste batzuetara. Bilana saiotik 3 astera eginen da.
Albaitaritza osteopatia saioen kopuru eta erritmoa, kontsulta bakoitzaren bukaeran erabakiko da: kasu gehienetan, lehen saioan disfuntzio nagusiak desagerrarazten dira. Batzuetan, lehen saiotik hilabetera osteopatia lana jarraitu behar izaten da. Kasu larri jakinetan, egun gutxiko tartearekin egin behar izaten dira saioak. Aldiz animalia prebentiboki segitua baldin bada, urtean 2 saio egitea aholkatzen dut.
Albaitaritza osteopatia ez da beste tratamenduen ordezkoa. Uztargarria eta osagarria da. Eta albaitaritzako tratamendu klasikoekin sinergian aritu daiteke. Beraz prozesua zuen ohiko albaitariarekin harremanetan egingo dugu.
Kasuaren arabera teknika ezberdinak baliatzenditut, gorputzak galdutako oreka berreskuratzen laguntzeko eta organismoa beraren sendatzeko ahala berpizteko: teknika kraneosakralak, faszialak, erraietakoak, muskuloeskeletikoak, energetikoak, biodimanikoak...
Kasu guztietan, lehendabizi zure ohiko albaitariarekin kontsultatzea aholkatua da, mediku-tratamendua behar duen edozoin gaitz edota lesioak baztertzeko.
 
						Bilbo aldean (Bizkaia) hazia, txikitatik argi nuen albaitaritza ikasi nahi nuela, animaliekiko nire miresmen eta jakinminagatik, eta horrela joan nintzen Zaragozako (Aragoi) Unibertsitatera albaitaritzako ikasketak egitera. Erasmus'en bidez urtebete Torinon (Italia) egin nuen eta handik itzultzean, praktika batzuengatik, Garazira (Behe Nafarroa) heldu nintzen 2003an. Geroztik inguru hauetan bizi eta lan egiten dut (sasoi batzuk Frantzian zehar ere lan egin izan dut) batez ere etxaldeetako animaliekin.
Urdiñarbeko (Zuberoa) Ardi-Hazkuntzako Zerbitzu Genetiko eta Teknikoen Zentroan (CDEO) lan egiten nuelarik hasi zen nire barnean beste egiteko era baten beharra ernaltzen. Ikasketei berrekin nien, beraz; lehenik Etologiako masterrarekin eta ondoren, Parisen 3 urteko Albaitarientzat Osteopatiako formakuntzarekin (Diplôme Inter Ecoles en Ostéopathie Vétérinaire). Ordutik, etengabe jarraitzen dut gai osagarrietan formatzen.
2018tik albaitari osteopata bezala ari naiz esker-eskuin Euskal Herrian barna. Osteopatiaren bidez animaliak laguntzeak, ni neu, asebete/osotu nau. Bete-betean asmatu dut, nik ekarpena egin dezakedan praktikarekin. Osteopatia ezinezkoa da animaliaren parte-hartzerik gabe. Eta onarpen horretarako errespetua eta denbora eskaini behar da. Ez da beti erreza eta ez da miraririk egiten ahal. Baina saioan zehar animaliarekin elkarlana ematen denean (edozein espezietakoa izanik ere) eta gainera beraien minak arintzea lortzen denean... begirada aldatzen duten une hori, esperientzia paregabea da.
